COVID - 19 HERRI URRATS

COVID-19 krisia garaian gira eta pena handiarekin, Herri Urrats elkarteak jakinarazi nahi du aurten ikastolen pesta ez dugula maiatzaren 10ean ospatzen ahalko.

1984tik urtero maiatzan ospatu izan da Herri Urrats eta lehen aldia da ezeztatzea behartuak girela.

Konzientzia osoz hartutako erabakia da. Iparraldeko hitzordu nagusi bat da, milaka jende elkartzen dira urtero laku inguruan eta jendearen osagarriaren onerako, bertan behera uztea erabaki dugu. Antolatzaile, artista, hornitzaile, laguntzaile eta partehartzaile guzien ongi izatean pentsatzen dugu.

Agian maiatza hastapenean, konfinamendu garaia bukatua izanen da, baina hala balitz ere, argi da maiatzaren 10a goizegi litaikeela bapatean milaka eta milaka pertsona elkartzeko Senpereko laku inguruan. Osasun arrazoinengatik arriskutsuegia litzake.

Gaur egun, ez dugu inoren debeku edo abisurik jaso, ez osasun zerbitzutarik, ezta ere Estatuko ordezkaritzatik. Erabaki hau Herri Urrats elkarteak bere baitarik hartutakoa da, Seaska, eta Euskal Herriko Ikastolen erabakiz.

Baina Herri Urrats ezinbestekoa denez, Herri Urrats eginen da. Elkarteak pentsatu du ekitaldia udazken hastapenera pusatzea. Momentuko data ez dugu finkatu, jakin bezain laster jakinaraziko dugu.