HERRI URRATS PESTA BAT BAINO GEHIAGO

1984az geroztik maiatzeko bigarren igandean, Senpereko aintziraren bazterrak animatzen dira dantza, musika, kantu eta hainbat jardueraz. Euskal Herri osotik milaka pertsona hurbiltzen dira pesta egitera. Baina Herri Urrats pesta bat baino gehiago da, euskara eta euskal kulturaren eguna da, ikastolen garapenerako egun beharrezkoa eta euskaraz bizitzea erabaki dugunon eguna.

37.edizioaren antolaketan buru-belarri hasia da taldea eta gibelera begira hastean jendeak egindako lana eta euskal herri osoko hainbat pertsonen elkartasunak beti harritzen gaitu. Prentsaurreko huntan eskertu nahi ditugu era batera edo bestera, izan ekonomikoki, edo antolaketa lanetan orenak eta orenak pasatu dituzten guziak. Egunean berean 2500 inguru laguntzaile dira eta urtean zehar 50 bat pertsonek lan egiten dute antolaketan.

Ikasle izatetik, talo erretze, ikastola proiektu bati buruz gogoetatzen edo Herri Urratsen antolaketan lanean ari izatera, bada bide luzea, bihurgune anitzekoa baina euskarak gaitu aintzina egitera pusatzen.

Milesker Euskal Herri osotik Senpereko lakura hurbiltzeko ohitura duzuen guziei, ikastolek zuek denen beharra dutelako.

Euskara, elkarlana eta elkartasuna izan dira eta izanen dira Herri Urrats-en oinarriak.