Logoa eta leloa

LOGOA

LK : eleka (elekatu = mintzatu = hitz egin)

LK: Aurten, Seaskak (Iparraldeko ikastolen federazioak) 50 urte ospatuko ditu. L, 50 da xifre erromatarrez eta K hizkiak, euskaraz plurala adierazten duenak, ikastola geroz eta gehiago eta ikasle geroz eta gehiago direla adierazi nahi du.

LK : LK dira ere Lizeo eta Kolegio hitzen lehen hizkiak. Aurten Herri Urratseko etekinek bi proiektu hauek lagunduko dute : Estitxu Robles Kolegioko berritze lanak eta Bernat Etxepare Lizeoko handitze lanak.

 

LELOA

Iragan azaro eta abenduan Euskal Herri osoan egin den   Euskaraldiaren kanpainak arrakasta bizia ukan du. 200 000tik goiti Aho Bizi eta Belarri Prestek partehartu dute, hizkuntza ohidurak aldatzeko ekimenean. Ipar Euskal Herrian, Euskal Konfederazioak antolatu Euskaraldian 6 000tik goiti Aho Bizi eta Belarri Prestek partehartu dute.

Euskara ikastea, euskaraz ikastea eta euskaraz mintzatzea, gure hizkuntzaz gozatzeko ezinbesteko urratsak dira.

Euskara ikastea : geroz eta gehiago dira urtez urte ikastoletan, sail elebidunetan edo helduen irakaskuntzan ari direnak. Urte luzeetako lanari esker, 2016 urteko azken inkesta soziolinguistikoaren arabera, Ipar Euskal Herrian euskararen gainbehera eten da eta berreskuratze bidean dugu gure hizkuntza.

Euskaraz ikastea: gure hizkuntza kalitatezkoa izan dadin eta euskara ikasten dutenek ondoko belaunaldiei transmititu dezaten, baitezpadakoa da ere euskaraz ikastea. Hain xuxen ere bada 50 urte Seaskak Ipar Euskal Herriko haurrei euskaraz ikasteko parada eskaintzen diela. Eta

geroz eta gehiago dira ikastoletan euskaraz ikasten duten haurrak, aurten Seaskak 4 000 ikasleen heina gaindituko baitu.

Euskaraz mintzatzea: euskara ikasi eta euskaraz ikasi ondoren, hirugarren urratsa euskaraz mintzatu eta bizitzea da. Herri Urratsek hain zuzen ere Euskaraldian egin bezala, euskaraz aritzeari buruz indar egin beharra azpimarratu nahi du LK lelo hautuz 2019ko ediziorako, “Elekatuz” lortuko baitugu gure hizkuntzari jendartean zor zaion lekua.