“Gure baikortasuna hautu poetiko eta politikoa da”

Herri Urratsek 33 udaberri betetzen ditu aurten eta zuk doi-doi urte pixka bat gehiago dituzu...

Bai, ez naiz askoz zaharragoa! Eta pozgarria da urteak betetzea, osasunak lagunduta noski. Eta paralelismoari eutsita, ibilbide luzea opa diot Herri Urratsi, urteak betetzen jarraitzen badu euskarak osasun ona izango du.

 

Herri Urratsen egona zara. Zer oroitzapen dituzu?

Txikitatik izan dut Herri Urratsen berri, eta sarritan parte hartu dut festan. Kantuak ere jarraitu ditut, ahaztezina zait adibidez Minxoriak taldearena, oker ez banaiz 1990ekoa, asko markatu ninduen abesti hark.

 

Zer esanahi du zuretzat ipar Euskal Herriko ikastolen bestak?

Festa bat baino zerbait gehiago da Herri Urrats. Garai batean muga pasa ezin zutenak ikustera etortzen ziren nire hurbileko asko, hemen bizi ziren errefuxiatuak ikustera hain zuzen. Bestalde, hegoaldeko euskaltzaleontzat huts egin ezinezko zita zen hau, tamalez euskarak ez duelako ofizialtasunik hemen, eta horregatik etortzen gara oraindik, festara bezala ahal dugun horretan laguntzera.

 

Anitzetan bezala, zuen abestia Txuriak idatzi du. Bertan aipatzen den katearen zati bat ote da Herri Urrats?

Hogei urte baino gehiago daramatzagu elkarrekin abestiak sortzen Jon Garmendiak eta biok, bikote artistikoaz gain lagun mina dut. Esne Beltza bezala, lagunarte eta familia bat gara. Kateak hitz negatiboa ematen du, baina euskarari lotuta baikor bilaka liteke, eta bai, Herri Urrats euskararen katearen zati bat da, garrantzitsua gainera.

 

Euskara laguntzeko dagoen elkartasuna bikaina da, baina elkartasunak behar ote du euskarazko hezkuntza finantzatu?

Euskarazko hezkuntza instituzioek finantzatu behar lukete, guztion ondasunarekin guztion ondasuna babestu behar bailukete, hartarako sortuak dira, ezta? Baina ikusten da ez dutela aski egiten, eta zulo hori tapatzeko elkartasuna oinarrizkoa da.

 

Jalgik duela ia 600 urte bizi izan zen Bernat Etxepare idazlerantz garamatza. Berak hasitako katearen parte ote gara?

Berak hasitako katearen segida gu, eta bere aurretik hasitakoen katea, bera.

 

Euskara Jalgi hadi mundura”, Esne Beltzaren filosofia ere bada?

Gu euskaraz atera gara mundura, han aldarrikatzen dugu euskaraz garela garen bezala, eta hala bizi nahi dugula. Maite ditugu besteen hizkuntzak eta gurea maitarazten saiatzen gara.

 

Abesti honetan bestazale estilo batekin egiten duzue lotura. Nola izan da konposizioa?

Alaitasuna gure ardatz bat da, eta saiatzen gara kantu alaiak sortzen, baita aldarrikapenak doinuei josten ere. Gure baikortasuna hautu poetiko eta politikoa da.

 

Kobreak grabatzerakoan kanpoko partaidetza ukan duzue. Zergatik hautu hori? Nola izan da grabaketa?

Fanfare Ciocarliak grabatu ditu Hong Kongen. Oso ezagunak dira, Balkan Brass musikaren aitzindariak, beren kantuak Kusturicaren filmeetan edo Goran Bregovichen orkestarekin askori egingo zaizkio ezagunak.

 

Esna” lanaren bigarren partea maiatzerako iragarri duzue. Noiz argitaratuko duzue?

Horretan ari gara momentu honetan, Sohütan eta Bardozen grabatu dugu, eta igandean Senperen jo eta estudiora goaz, abestiak amaitzera. 'Laster izango da kalean hori esanda' ikusmina handituko dudan esperantzan.

 

Zer atzemanen dugu bertan?

Esne Beltzaren indar, ahalegin eta alaitasun handiena. Kar, kar, kar... iragartzen hasten banaiz taldekideak haserretuko zaizkit!

 

Zergatik egi duzue lan hau bi zatitan ateratzea?

Mimoz zaindu nahi genuen lan hau, denbora nahi genuen, lasai hartu, lasai sortu, lasaiki egin gauzak. Abesti bakoitzari denbora eskaini nahi genion, eta disko bakarrean 14 abesti korrika eta presaka sartu ordez, bi zatitan banatu eta zati bakoitzari behar duena eskaini.