Logoa eta leloa

LELOA

Aurtengo edizioaren leloari adiera frango lotzen zaizkio.

Lehenik zuzenki lizeoko ikasleekin lotua da. Aspaldidanik bertako ikasleek baxoa haien hizkuntzan pasatzeko borrokan ari dira, baina azterketa hori euskaraz egitea ez da oraino haizu. Horregatik, aurten Herri Urratsek lizeoko ikasleen aldarrikapena berea egiten du, baxoa euskaraz pasatzea haizu izan dadin, eta euskararen ofizialtasuna behingoz  izan dadin HAIZU!

Bigarrenik, ofizialtasuna aldarrikatzen dugu, euskaraz bizitzea, zerbitzu publikoak euskaraz izatea, lan munduan euskaraz aritzea Haizu izan dadin. Bistan dena lege batek errextuko lukeela, baina hemengo hautetsiei Aizu ! erran nahi diegu era berean, ez daitezen Pariseren zai egon. Mugi daitezen, Euskal Elkargoak dituen eskumenetan anitz egin baitezake euskararen alde, borondatea politikoa izanez gero. Erabakia heien eskuetan dago, eta ez dira gehiago Paue, Bordale edo Pariseri begira egoten ahal.

Gisa berean ohartarazi behar dugu Herri Urratsek hamarnaka milaka jende biltzen baditu ere, gure beharrak anitz handitu direla eta Herri Urrats baino gehiago behar dugula. Beraz Euskal Elkargoari deia, ikastolen eraikuntzen gaia eskutan har dezan. Azken urteetan hainbat herriko etxe eta herri elkargok lagundu gaituzte ikastolak eraikitzen : azken urtean Donibane Lohizune, Aloze eta Hiriburun bezala. Beraz Euskal Elkargoaren sorrera ezin da aitzakia bat izan gibelerat egiteko. Alderantziz, Euskal Elkargoak 158 herrien indarra eta 300 000 biztanleren oldarra ukanen du, Parisetik ezarri nahi dizkiguten oztopoak saihesteko.

Era berean, lelo honen bidez deia egin nahi dugu, Euskal Herriko hiritar guztiei, euskara Seaskaren aldarrikapen hau sostenga dezaten, dezazuen. Horra zuei guztioi, zuri preseski egiten dizugun deia: AIZU!

LOGOA

Aurtengo logoa Bruno Aguerre Euskal artistak proposatzen digu. Sortzez miarriztarra eta adopzioz hendaiarra, Bruno Aguerre performantzien bitartez arte adierazpen desberdinak pinturaren bitartez elkartzeko gaitasuna duen artista plastiko bat dugu.

Lizeo berria auzo popular eta multikultural batean kokatuko denez, Seaskak pentsatu du lizeoko pareta batean aniztasun hori erakutsiko duen fresko handi baten egitea. Ikasleak proiektu horretan integratzea garrantzitsua iduritu baitzaio, eta Bruno Aguerre ezaguna baita performantzia ederrak egiten dituelako, elkarrekin gauzatzea imajinatu du. Helburua da ere auzoko artisten gana joatea, denek elkarrekin auzoan integratuko den marrazki baten egiteko, egunero hortan bizi edo lan egiten dutenen irudikoa izan dadin. Udaberrian, hasiko dira performantziak.

Seaskako proiektu orokorrari koherentzia emateko, eta bere ekintza guzien artean lotura egiteko, berez, Bruno Aguerreri Herri Urratseko logoa eginaraztea pentsatu da.

Emaitza hor duzue: kolore anitzeko esku bat, haizu ez denaren sinbolo eta era berean aniztasunaren eta elkartasunaren ikonoa, denen esku kolpe bat beharrezko izanen baita euskararen egoera zaila Ipar Euskal Herria itzulika dadin.

 

Bruno Aguerrenen ekarpena :

« Paxkal Indok Bernat Etxepare lizeoarentzat fresko baten proeiktuan parte hartzea proposatu zidan, eta honi lotutako Herri Urratseko logoa egitea eskatu didalarik, berehala Zati3mrekin* Oreretako ikastolarentzat azken herriko pesten kari egindako performantzia bat bururatu zait.

Bidasoa aldeko 30 bat haurrek eta burasoek performantziaren bukaeran parte hartu zuten, eskuaren marka uzteko. Esku bat altxatua deia luzatzeko : ((-))aizu !

Egun hartan egindako afitxa baten xehetasun bat hartu dut eta berriz landu dut logiziel batekin.

Eskuaren marka da gizadiaren lehen adierazpenetariko bat, eta geroztik ainitzetan erabilia izan da. Ematen zaion koloreak sentsu desberdinak har ditzake.

Kolore desberdinetako eskuen pilatzeak ezagutzen ditugun erreferentzia guziak baztertzen ahal ditu,  aniztasuna eta ugaritasuna gogora ekarriz.

Irudi horretan ikusten dut ere “check”en ideia, bi lagunen artean eskua elgar jotzen dutelarik agurtzeko edo kidetasuna adierazteko.

Labur biltzeko, logoak, bere orokortasunean elkarretaratzera, gure desberdintasunen gainetik elkartzera deitzen gaitu, eskuz esku, belaunaldi guzien arteko kate batean.

*Zati3m artistez osatu den talde bat da : Jean Marie Le Bris gitarista, Olivier Mahu basista eta nihaur margolaria. 2016ko udaberritik, performantziak/kontzertuak proposatzen ditugu, aldi oro artista solista gonbidatua da : biolina jolea, saxofonista… »